FEMINISMOA

Hezkuntza jendartearen oinarrietako bat dela ulerturik, lanketa intersekzional batetik feminismotik eragitea eta genero ikuspegia txertatzea da gure jomuga. Modu horretara, helburua norbanako kritiko eta autonomo gisa garatu ahal izateko baliabideak eskaintzea da. Horrela, hezkuntza komunitatearekin batera, ikuspegi feminista batetik lan egiten dugu herrietako proiektu hezkidetzaileak eraikiz.

ERALDATZEN PROGRAMA – IKASTETXEETAN ESKU-HARTZEAK

Diseinatzen eta aurrera eramaten ditugun hezkidetza proiektuetako ardatzetako bat da eraldatzen programa. Herri eta ikastetxe desberdin eta anitzetan hezkuntza komunitate osoa hezkidetza gakoetan formatzea eta inplikatzea da xedea. Ikasleekin esku-hartze zuzena egiten dugu tailer eta saioen bitartez; horrekin batera, herri osoan eta, oro har, hezkuntza komunitatean eragiteko, irakasle, familia eta beste hezkuntza agenteak dira programa hauen subjektu. Gure lehentasunetako bat da herrietako parte-hartze aktiboa bultzatzea, eta, horretarako, tokian tokiko errealitatera egokitzen gara programaren gauzapenerako. 

    • EDUKIAK
      • Indarkeria matxistaren prebentzioa.
      • Indarkeriari aurre eginez bizikidetza lantzeko 
      • Autodefentsa feminista eta maskulinitate tailerrak
      • Maitasun erromantikoa eta indarkeria
      • Sexu-genero sistemak eta identitate anitzak
      • Sexualitatea
      • Harreman afektibo sexualak
      • Lanbide orientazio ez-sexista
      • Hezkidetza oinarrian, zaintzak erdigunean.

IRAKASLEEN TREBAKUNTZA

Hezkidetza-proiektuetan, era berean, haur, nerabe eta gazte ikasleen heziketa-prozesuan bidelagun eta erreferente diren profesionalak baloreetan trebatzen ditugu. Izan ere, hezkidetzaren ardatz nagusi dira, eta bide horretan ekiteko hausnarketa espazioak eraiki eta sortzen ditugu, euren behar eta zalantzak abiapuntutzat hartuta. 

FAMILIA ESKOLAK:

Familiak ere, hezkuntza-agente bezala, haur, nerabe eta gazteen identitateen eraikuntzan eta sozializazioan garrantzitsuak dira; hori dela-eta, ikasleen bizitzetan eragina duten auziei heltzen diegu, eta formakuntza-saioak eskaintzen ditugu ikuspegi hezkidetzailea tresna gisa erabiliz. Eraldatzen programako saioetan lantzen diren edukiak geletatik haratago hedatzea da helburu nagusia, etxeetan ere eragiteko.

HEZKIDETZA BATZORDEAK:

Eraldatzen programarekin batera eskaintzen dugun gunea da hezkidetza-mahaia. Asmo nagusia hezkidetza-proiektuaren jarraipena eta koordinazioa egitea da.  Halaber, ikastetxeetako eta hezkuntza komunitateko eragileekin proiektuaren inguruan eztabaidak eta erabakiak hartzeko espazioa ere bada, eta baita horiei aurre egiteko baliabideak proposatzeko ere.

DIAGNOSTIKOAK:

Proiektua garatu aurretik beharrak identifikatuta izatea garrantzitsua da. Hori horrela, diagnostikoaren bitartez behaketa lanak burutzen ditugu hezkidetzaren begiradatik abiatuta; horretarako, erabiltzen dugun metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa izateaz gain, parte hartzailea izatea bermatzen dugu, proiektua tokiko errealitatera egokituz.

HEZKIDETZA KALERA EGITASMOA:

Proiektuetan lantzen diren edukiak herriratzeko egitasmo sozio-komunitarioa da hezkidetza kalera. Herri hezkidetzailearen bidean, ikastetxeetan gauzatzen diren esku-hartze eta trebakuntzei ikusgarritasuna eman eta herriko biztanleak egitasmoaren subjektu aktibo bilakatzeko garatzen dugun ekimena da.

UNITATE DIDAKTIKOAK SORTZEN:

Komunitateko beharrak identifikatu eta gogobetetze aldera, ikasle eta irakasleekin burutzen ditugun lanketetan elkarreragina sortzeko bidegurutzeak dira unitate didaktikoak. Urtxintxa Eskolak  ikuspegi feminista eta hezkidetzailearekin zerikusia duten gaiei buruz sortutako baliabide pedagogikoak dira; bertan,  gaiaren testuinguraketa, dinamikak, jolas eta ekintza desberdinak biltzen dira, adin desberdinetako subjektuei egokituta. Baliabide horien bidez, irakasle-ikasle harremanak eraldatzea eta sendotzea da xedea.

HEZKIDETZAN ADITUA IKASTAROA:

Hezkuntza oinarrizko zutabea da jendarte baten eraikuntzan; beraz, garrantzitsua da alor horretan lan egiten duten agenteekin feminismoaren oinarri teorikoei, sexu-genero sistemei, identitate anitzei eta abarrei buruz hausnartzea pedagogia eta praktika feministak garatu ahal izateko.

Pertsona autonomo eta burujabeen bidelagun izatea helburu baldin badugu, norbanakotasuna  eta kolektibotasuna zeharkatzen dituzten botere asimetriak ulertzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, 2004. urtetik etengabeko eraldaketan eta egokitzean dagoen formakuntza eta ikastaro hau urtero aurrera eramaten dugu.

LODIFOBIAZ HAUSNARTZEN:

Zelan eragiten digu honek?” galderan sakontzen ari gara. Gure helburua gure gorputzak zeharkatu  eta tabu izaera duen gaia gazteekin eta hezitzaileekin lantzea da: errealitate gordinaren aztarna emozionalen  inguruko hausnarketak  elkarbanatu, gure bizitzan zelan eragiten duen behatu eta egitura lodifobikoa ulertzea, alegia.