Patxintxiketan proiektua ezagutzen duzu?

Sexualitateak ez gaitu soilik berdintzen, aniztu egiten gaitu!

Aniztasun funtzionala duten pertsonak aingerutxoak dira eta ondorioz asexualak dira, desirarik gabeko pertsonak dira, edo aldiz, aniztasun funtzionala duten pertsonek kontrolaezina eta gehiegizkoa den desira sexuala dute…

Egun, aniztasun funtzionalean sexualitateari buruz gero eta gehiago hitz egiten bada ere, kolektibo honi buruzko ideia oker asko entzuteko aukera dugu, arestian aipatutakoak eredu.

Honen aurrean, hezitzaile moduan, zalantza eta zailtasun desberdinak suertatu dakizkiguke: Landu beharreko gaia da? Zailegia izango ote da? Zertaz eta nola hitz egingo dugu?…

Baina, higieneari buruz edota elikadurari buruz arituko bagina eta galdera berdinak planteatu bagenitu, erantzunak topatzea hain zaila egingo litzaiguke? Seguruenik ez.

Oraindik ere, sexualitatearen gaiak barrunbeak mugiarazten dizkigu. Askotan, sexualitatearen ideia mugatzailearen ondorio. Izan ere, gure gizartean dugun eredu sexuala oso argia da: gaztetasunean eta edertasun eredu zehatz baten baitan mugitzen dena, gorputz osasuntsuez jositakoa, guztiz genitalizatua dagoena (guztiak alu zein zakilen inguruan biratzen du), ugalketarakoa (koitoa praktika izarra), kuantitatiboa (kualitatiboa izan beharrean), maskulinoa, heterosexuala, etab. Hau horrela izanik, zenbat pertsona geratzen dira eredu honetatik at?

Aldiz, Sexu Hezkuntzak hiru helburu nagusi planteatzen dizkigu:

  • Norbere burua ezagutzea (plano fisikoa zein emozionala)
  • Norbere burua onartzea (autoestimua eta autokontzeptua)
  • Norbere erotika (desioak) adierazteko gai izatea.

Hortaz, zenbat pertsonekin landu dezakegu sexualitatea?

Pertsona ororekin.  Sexualitateak berdindu egiten gaitu, denok izaki sexuatuak, sexualak eta erotikoak garelako. Laztanak eta muxuak berdinak dira guztiontzako.  Ez dago sexualitate hobeagorik ez okerragorik. Norberarena baizik eta hau, norberaren bizitzeko eta esperimentatzeko moduan adierazten da.

Baina egia da, AF duten sexualitatea lantzerako orduan oztopo batzuk topa ditzakegula. Horietako bat, harremanetarako tokia da.  AF duten pertsonek harreman erotikoak eraikitzeko espazioak dituzte?

Oso gutxi. Maiz, beraien aisialdia gidatua izaten da, kontrolpean, denbora gehiena berdintsuekin igaroz eta ondorioz, garapen sozial txikiagoa izaten dute.

Eta intimitatearekin zer? Intimitatea  arau publikoak ez dauden unibertsoa da; non desirak beharren gainetik dauden, subjektua taldearen gainetik, intuizioa logikaren gainetik, plazera esfortzuaren gainetik…

Baina, AF duten pertsonek intimitaterako tokirik badute? Askotan, sexualitatea beraiena ez dela ematen du, besteok erabaki ohi baitugu non, nola eta noiz. Askotan, beraien gorputzak baimenik gabe manipulatu egiten dira, objektuak balira.

Eta berebiziko garrantzia badu, AF duten pertsonek zer egin nahi duten, norekin egon nahi duten, nola, noiz, non… erabakitzeko aukera izatea beraien “biografia sexuala”ren idazle bilakatuz. Beraien interesekin, beharrekin, desirekin, fantasiekin, pertsona sexuatuak bezala eta beraien sexualitatea adierazteko modua aukeratuz.

Horretaz gain, kurrikulum ezkutuari erreparatzea ezinbestekoa dugu. Hezitzaile moduan, zeintzuk dira sexualitatearekiko ditugun balio eta jarrerak? Norbere mugaz jabetu beharra dugu, beldur irrazionalak topatuz.

Esaten dugunarekin, isiltzen dugunarekin, keinuekin… ere, hezi  egiten dugu. Egoerak ulertzen saiatu behar dugu, epaiketak alde batera utziz. Bestalde, sexualitateaz beste gai bat bezala hitz egin behar dugu, azken finean isiltasunerako arrazoirik badago? Tonu positiboan hitz egin eta gure laguntza dutela argi utzi behar dugu.

Baina ez dezagun ahaztu, erantzukizuna guztiona dela (profesionalak, familiak, adiskideak, komunikabideak…). Beste alde batera begiratzeari utzi behar diogu eta sexualitatea anitza den heinean aberasgarria dela lau haizetara zabaldu beharra dago.  

Elkartzea, afektua adieraztea, plazerra sentitzea, erotizatzea, bestearekin enpatizatzea, nobere gorputzaren jabe izatea, informazioa eskuragarri izatea… denon eskubidea delako.  Ez dezagun inor kanpoan utzi!

Sexualitateak ez gaitu solik berdintzen, aniztu egiten gaitu!

Antzeko artikuluak

Sexualitateak ez gaitu soilik berdintzen, aniztu egiten gaitu!
Patxintxiketan proiektua ezagutzen duzu?Ezagut ezazu hemenSexualitateak ez gaitu soilik berdintzen, aniztu egiten gaitu!Aniztasun funtzionala duten pertsonak aingerutxoak dira eta ondorioz[...]
Mihia berotzeko sekretua
Patxintxiketan proiektua ezagutzen duzu? Ezagut ezazu hemen Mihia berotzeko sekretua   Txatxilipurdi elkarteak jolas bat atera berri du: MIHIBERO. Arratsalde arrunta[...]
Begirale lanean aurkitzen diren 3 zailtasun eta horien irtenbidea
Etor zaitez eskolaren bidea marraztera!Ekainaren 8a agendan erreserbatu Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren nondik norakoak ezagutzeko eta bidea marrazteko ereInfo gehiagoBegirale lanean[...]

Irakurritakoa gustatu zaizu?

Izan zaitez Urtxintxa Laguna

Gure produktuak

Ipuinak ez sexistak izateko gida

Hezitzaileentzako gida honek aukera berdintasunean urratsak emateko aproposa den adin tarte bakoitzari (2-12) egokitutako ipuinen gida eta lanerako fitxak biltzen ditu

Irribarren ibilibidea

Jolasen bidez sexismoari aurre egiteko jostailua da. Irribarretik irribarrera salto egiteko aukera ematen du eta kasilatxo bakoitzean froga ezberdinak aurkituko dituzte parte hartzaileek, amaierara iritsi bitartean.

Munduan Jolasean

6-12 urte bitarteko haurrekin lan egiten duten hezitzaileei zuzenduta. Kulturartekotasuna lantzeko bidean, kultura desberdinetako 25 jolas eta 25 tailer proposatzen dira.

>