HERRI HEZITZAILEA da gure jomuga, herri eta auzoetako haur eta gazteak erdigunean kokatzen dituzten proiektuak sortuz eta hezkuntza ardura, komunitate osoaren ardura (udala, eskola, familia, aisialdia, herri eragilea…) dela ohartarazteko dinamikak martxan jarriz.

Herritarren arteko sareak eratuz, bertakoekin eta bertakoentzako diseinatu eta kudeatzen ditugu prozesu parte hartzaileak, bertan dagoena delako bere inguruaz gehien dakiena.

HEZKUNTZA PROIEKTUEN DISEINUA ETA DINAMIZAZIOA: HERRI HEZITZAILERANTZ!

Urtxintxa Eskola OINHERRI egitasmoaren parte da bere hasieratik, Euskal Herriko herri hezitzaileen sarearen parte alegia. Bertan, Euskal Herrian hezkuntza ez formalean jarduten duten hainbat eragile biltzen dira, hezkuntza ez formalari, hau da, kaleko hezkuntzari garrantzia eman eta baliabide hezitzaileak eratzeko.

Beraz, proposamena eratzerakoan Herri Hezitzailearen ikuspegitik eragingo da haurren behar eta nahiak erdigunean jarriko dituen komunitate sarea eraikiz. INFO + : http://www.herrihezitzailea.eus/

HEZKUNTZA PLAZARA:

Argi daukagu Hezkuntza ez dela ikastetxeetako hormen barruan egiten den ekintza soila. Ildo horretan saiatu izan gara ikastetxeetan abian ditugun dinamikak auzoratzen, plazaratzen eta auzo eragileak dinamika horren konplize egiten. Kalea hartuz eta euskaraz, ikastetxeak eta auzo eragileak  elkarrekin osatutako ekimena elikatzen!

HAURREN PARTE HARTZEAN MURGILTZEN

Haurren mundua helduon begietatik antolatzeko ohitura daukagu, haurrentzako ekintzak pentsatuz, eurentzako jolasak aukeratuz, jolas parkeak eraikiz… baina galdetzen al diegu haurrei? BERAIEKIN egiten al dugu?

Haurrak kontuan hartzen ditugula adierazi nahi badugu, eta beraien parte hartzeko eskubidea bermatu nahi badugu,  ezinbestekoa da azpimarratzea edozein proiektutan parte hartu dezaketela azpimarratzea; ekintza txikienetik proiektu handienetaraino, espazioen diseinu, planifikazio, aurrera eramatean eta ebaluazioan. Udalek garatzen dituzten aurrekontu parte-hartzaileetan ere.

Parte hartzeko aukera emanez eta haurrei hitza emanez, denontzako errazagoa den errealitatea eraikitzeko estrategiak landuko ditugu

ESKOLA BIDEAK

«Eskola bideak» haurren autonomia garatu nahi duen egitasmoa da. Era berean, haurrak eskolara bide seguruetatik, bakarrik eta oinez joatea sustatu eta erraztu nahi duen ekimena izanda, sozializazio aukerak sortzen ditu, eta, gainera, etorkizunera begira ohitura osasuntsuak finkatzen ditu.

Parte hartzearen bidez eskolako hezkuntza komunitate osoa (ikasle, familia, irakasle, gizarte eragileak eta tabernari/merkatariak) haurren hezkuntza prozesuan inplikatzea du helburu.

ESPAZIOEN ERALDAKETA (JOLASGUNEAK, PATIOAK…)

Espazioen azterketa ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik eginez, haurren iritzia jasotzetik hasi, helduon beldurrak landu eta modu parte-hartzailean jolaserako espazioak sortzea beharrezkoa da. Natura, parte-hartzea, aniztasuna, autonomia, jolasa eta sormena oinarri duten jolasguneak eraiki behar ditugu.

PARTE HARTZEA SUSTATZEKO AHOLKULARITZA

 Urtxintxa Eskolak urte asko darama esku-hartzean eta arlo soziokulturalean lanean. Hezkuntza ez-formalaren eta hezkuntza formalaren bidez balioetan oinarrituriko hezkuntza du helburu, jendarte eredu zabal bat: anitza, elkarkidetzan eta parekidetasunean oinarritua, euskalduna eta euskal herritarra.

Parte-hartze arloan ere badu bere esperientzia eta gainontzeko elkarte eta jendarte eragileekin elkarlana, laguntza eta harremana indartzea da aholkularitzaren bitartez bultzatu nahi dena

NERABEEN PARTE HARTZEA SUSTATZEKO HEZKUNTZA EGITASMOAK (Lonjakidetza, gaztelekuak…)

Nerabeen parte hartzea sustatzea, heziketa alternatiba berriak sortzea eta aisialdi osasuntsu baten aldeko ekimenak antolatzea. Helburu hauek lortzeko bi esku-hartze esparrutan lan egitea proposatzen da: eskolan eta aisialdian.

DIAGNOSTIKO PARTE HARTZAILEAK

Diagnostikoa errealitate bateko herritarren egoera ezagutzean datza: eragiten dizkien arazoak identifikatzea, sailkatzea, eta abiapuntu horretatik beharrizanak eta hauen garrantzia aztertzea bilatzen duen prozesu bat da. Errealitatea ezagutzen dugularik, ikerketa- azterketa honen azken helburua etorkizunerako ildoak zehaztea izango da.

Ikerketan errealitate horretan bertan bizi diren herritarrak eta komunitate antolatuak parte hartzen dute, beraiek prozesuaren protagonista bihurtuz. Ikerketa bera eraikuntza kolektibo bat dela esan dezakegu, gizartearen eta gizarteko ikuspegi eta alderdi ezberdinak txertatzeak ematen dion aniztasun eta osotasunarekin. Izan ere, diagnostikoek parte-hartzaileak behar dute izan, modu honetan partaide eta eragile ezberdinen artean errealitatearen ikuspegia elkar trukatzen eta elkar ulertzen dugulako.