Diseinatzen eta aurrera eramaten ditugun hezkidetza proiektuetako ardatzetako bat da eraldatzen programa. Herri eta ikastetxe desberdin eta anitzetan hezkuntza komunitate osoa hezkidetza gakoetan formatzea eta inplikatzea da xedea. Ikasleekin esku-hartze zuzena egiten dugu tailer eta saioen bitartez; horrekin batera, herri osoan eta, oro har, hezkuntza komunitatean eragiteko, irakasle, familia eta beste hezkuntza agenteak dira programa hauen subjektu. Gure lehentasunetako bat da herrietako parte-hartze aktiboa bultzatzea, eta, horretarako, tokian tokiko errealitatera egokitzen gara programaren gauzapenerako.

    • EDUKIAK
      • Indarkeria matxistaren prebentzioa.
      • Indarkeriari aurre eginez bizikidetza lantzeko
      • Autodefentsa feminista eta maskulinitate tailerrak
      • Maitasun erromantikoa eta indarkeria
      • Sexu-genero sistemak eta identitate anitzak
      • Sexualitatea
      • Harreman afektibo sexualak
      • Lanbide orientazio ez-sexista
      • Hezkidetza oinarrian, zaintzak erdigunean.

Hezkidetza-proiektuetan, era berean, haur, nerabe eta gazte ikasleen heziketa-prozesuan bidelagun eta erreferente diren profesionalak baloreetan trebatzen ditugu. Izan ere, hezkidetzaren ardatz nagusi dira, eta bide horretan ekiteko hausnarketa espazioak eraiki eta sortzen ditugu, euren behar eta zalantzak abiapuntutzat hartuta.

Familiak ere, hezkuntza-agente bezala, haur, nerabe eta gazteen identitateen eraikuntzan eta sozializazioan garrantzitsuak dira; hori dela-eta, ikasleen bizitzetan eragina duten auziei heltzen diegu, eta formakuntza-saioak eskaintzen ditugu ikuspegi hezkidetzailea tresna gisa erabiliz. Eraldatzen programako saioetan lantzen diren edukiak geletatik haratago hedatzea da helburu nagusia, etxeetan ere eragiteko.

Eraldatzen programarekin batera eskaintzen dugun gunea da hezkidetza-mahaia. Asmo nagusia hezkidetza-proiektuaren jarraipena eta koordinazioa egitea da. Halaber, ikastetxeetako eta hezkuntza komunitateko eragileekin proiektuaren inguruan eztabaidak eta erabakiak hartzeko espazioa ere bada, eta baita horiei aurre egiteko baliabideak proposatzeko ere.

Proiektua garatu aurretik beharrak identifikatuta izatea garrantzitsua da. Hori horrela, diagnostikoaren bitartez behaketa lanak burutzen ditugu hezkidetzaren begiradatik abiatuta; horretarako, erabiltzen dugun metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa izateaz gain, parte hartzailea izatea bermatzen dugu, proiektua tokiko errealitatera egokituz.

Proiektuetan lantzen diren edukiak herriratzeko egitasmo sozio-komunitarioa da hezkidetza kalera. Herri hezkidetzailearen bidean, ikastetxeetan gauzatzen diren esku-hartze eta trebakuntzei ikusgarritasuna eman eta herriko biztanleak egitasmoaren subjektu aktibo bilakatzeko garatzen dugun ekimena da.

Komunitateko beharrak identifikatu eta gogobetetze aldera, ikasle eta irakasleekin burutzen ditugun lanketetan elkarreragina sortzeko bidegurutzeak dira unitate didaktikoak. Urtxintxa Eskolak  ikuspegi feminista eta hezkidetzailearekin zerikusia duten gaiei buruz sortutako baliabide pedagogikoak dira; bertan,  gaiaren testuinguraketa, dinamikak, jolas eta ekintza desberdinak biltzen dira, adin desberdinetako subjektuei egokituta. Baliabide horien bidez, irakasle-ikasle harremanak eraldatzea eta sendotzea da xedea.

Hezkuntza oinarrizko zutabea da jendarte baten eraikuntzan; beraz, garrantzitsua da alor horretan lan egiten duten agenteekin feminismoaren oinarri teorikoei, sexu-genero sistemei, identitate anitzei eta abarrei buruz hausnartzea pedagogia eta praktika feministak garatu ahal izateko.

Pertsona autonomo eta burujabeen bidelagun izatea helburu baldin badugu, norbanakotasuna  eta kolektibotasuna zeharkatzen dituzten botere asimetriak ulertzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, 2004. urtetik etengabeko eraldaketan eta egokitzean dagoen formakuntza eta ikastaro hau urtero aurrera eramaten dugu.

Zelan eragiten digu honek?” galderan sakontzen ari gara. Gure helburua gure gorputzak zeharkatu  eta tabu izaera duen gaia gazteekin eta hezitzaileekin lantzea da: errealitate gordinaren aztarna emozionalen  inguruko hausnarketak  elkarbanatu, gure bizitzan zelan eragiten duen behatu eta egitura lodifobikoa ulertzea, alegia.

Parte hartzaileak euskaraz eroso eta gustura egotea da helburua, inongo presiorik gabe. Haurrak eta nerabeak euskarara hurbiltzeko metodologia gozagarria izatea bilatzen da eta euskaraz ikasten duten bitartean ondo pasatzea.

Ahozkotasuna lantzeko elkarrizketak bideratuko dira uneoro, eta, horrez gain, gramatika ere landuko da hizkuntzarekin berarekin jolastuz. Mota desberdinetako dinamikak (mugimenduzko jolasak, eskulanak, abestiak, dantzak, mahai jolasak…) tartekatuko dira saioak arinagoak eta erakargarriagoak egiteko.

Egitasmo honek familiek, haurrek eta baita gurasoek ere elkarrekin, euskara jarduera ezberdinen bidez gozatzeko espazio bat zabaldu nahi du. Elkarren arteko euskarazko harremana sendotzea, familia barneko eta familien arteko euskararen erabilera indartzea eta euskaraz jolastu eta gozatzeko baliabideak eskuratzea da helburua oraingo honetan. Hizkuntza, gozamenaren bidez eta presiorik habe landuko da, denon eskutik, denon gozamenerako.

Urtxintxak proposamen anitz ditu euskara indartzeko zuzenduak, interes eta zaletasunen arabera euskara praktikatzea eta mingaina astintzea helburu dutenak. Euskararen erabileran eta normalizazioan pauso izugarria da ekimenek eskaintzen dutena, eta egun dauden proposamenak borobiltzeko asmoz, harremanak eta bizikidetza oinarri izanik, talde giroa eta konfiantza maila handia duten familiak jarduera osasuntsu, lasaigarri eta gozagarriz elkarrekin gozatzeko asteburu pasa antolatzea da gure proposamena. Horretarako jarduera ezberdinez osatutako asteburuak diseinatzen ditugu astebururako, betiere jasotzaileen profilak eta nahiak lehenetsiz.

Patxintxiketan, gaur egungo jendarte testuinguruan, freskatzea eta egokitzea xede duen proiektua da. Belaunaldiz, belaunaldi, maitasunez, transmititutako abestiak dira baina inoiz zalantzan jarri ez ditugunak.

Abesti hauek, ezarritako autoritate, familia eredu bakarra eta egungo jendartean tokirik ez duten terminok zein erak bere gain daramatzate. Agerikoa da eraldaketa honen beharra dugula. Gizakiok oharkabean transmititzen ditugun kontzeptu eta zaharkitutako formak deuseztatu eta errealitate berrira egokituko ditugu. Patxintxi eskola batzuetan euskararen irudi erreferentea ere bada.

Egitasmo honetan, euskararen sustapena bera gazte eta haur hauekin batera egiten dugu, beraiek egitasmoen parte izanik. Parte izatea ez da erabiltzaile soila izatea, egitasmoa gazteekin batera eraikitzen ditugu, beraien nahi eta beharretatik abiatuz, gazteei entzunez.

Modu honetan euskara modu gozagarrian bizitzera iristen dira, egitasmo hauek osatzeko zein ekintzetan parte hartzeko euskara erabiliz. Gazteen artean eta herriarekiko hizkuntza ohiturak eraldatzea du helburu nagusia eta lehen hitza euskaraz izatean eragiteko.

Urtxintxa Eskola OINHERRI egitasmoaren parte da bere hasieratik, Euskal Herriko herri hezitzaileen sarearen parte alegia. Bertan, Euskal Herrian hezkuntza ez formalean jarduten duten hainbat eragile biltzen dira, hezkuntza ez formalari, hau da, kaleko hezkuntzari garrantzia eman eta baliabide hezitzaileak eratzeko.

Beraz, proposamena eratzerakoan Herri Hezitzailearen ikuspegitik eragingo da haurren behar eta nahiak erdigunean jarriko dituen komunitate sarea eraikiz. INFO + : http://www.herrihezitzailea.eus/

Argi daukagu Hezkuntza ez dela ikastetxeetako hormen barruan egiten den ekintza soila. Ildo horretan saiatu izan gara ikastetxeetan abian ditugun dinamikak auzoratzen, plazaratzen eta auzo eragileak dinamika horren konplize egiten. Kalea hartuz eta euskaraz, ikastetxeak eta auzo eragileak  elkarrekin osatutako ekimena elikatzen!

Haurren mundua helduon begietatik antolatzeko ohitura daukagu, haurrentzako ekintzak pentsatuz, eurentzako jolasak aukeratuz, jolas parkeak eraikiz… baina galdetzen al diegu haurrei? BERAIEKIN egiten al dugu?

Haurrak kontuan hartzen ditugula adierazi nahi badugu, eta beraien parte hartzeko eskubidea bermatu nahi badugu,  ezinbestekoa da azpimarratzea edozein proiektutan parte hartu dezaketela azpimarratzea; ekintza txikienetik proiektu handienetaraino, espazioen diseinu, planifikazio, aurrera eramatean eta ebaluazioan. Udalek garatzen dituzten aurrekontu parte-hartzaileetan ere.

Parte hartzeko aukera emanez eta haurrei hitza emanez, denontzako errazagoa den errealitatea eraikitzeko estrategiak landuko ditugu

«Eskola bideak» haurren autonomia garatu nahi duen egitasmoa da. Era berean, haurrak eskolara bide seguruetatik, bakarrik eta oinez joatea sustatu eta erraztu nahi duen ekimena izanda, sozializazio aukerak sortzen ditu, eta, gainera, etorkizunera begira ohitura osasuntsuak finkatzen ditu.

Parte hartzearen bidez eskolako hezkuntza komunitate osoa (ikasle, familia, irakasle, gizarte eragileak eta tabernari/merkatariak) haurren hezkuntza prozesuan inplikatzea du helburu.

Espazioen azterketa ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik eginez, haurren iritzia jasotzetik hasi, helduon beldurrak landu eta modu parte-hartzailean jolaserako espazioak sortzea beharrezkoa da. Natura, parte-hartzea, aniztasuna, autonomia, jolasa eta sormena oinarri duten jolasguneak eraiki behar ditugu.

Urtxintxa Eskolak urte asko darama esku-hartzean eta arlo soziokulturalean lanean. Hezkuntza ez-formalaren eta hezkuntza formalaren bidez balioetan oinarrituriko hezkuntza du helburu, jendarte eredu zabal bat: anitza, elkarkidetzan eta parekidetasunean oinarritua, euskalduna eta euskal herritarra.

Parte-hartze arloan ere badu bere esperientzia eta gainontzeko elkarte eta jendarte eragileekin elkarlana, laguntza eta harremana indartzea da aholkularitzaren bitartez bultzatu nahi dena

Nerabeen parte hartzea sustatzea, heziketa alternatiba berriak sortzea eta aisialdi osasuntsu baten aldeko ekimenak antolatzea. Helburu hauek lortzeko bi esku-hartze esparrutan lan egitea proposatzen da: eskolan eta aisialdian.

Diagnostikoa errealitate bateko herritarren egoera ezagutzean datza: eragiten dizkien arazoak identifikatzea, sailkatzea, eta abiapuntu horretatik beharrizanak eta hauen garrantzia aztertzea bilatzen duen prozesu bat da. Errealitatea ezagutzen dugularik, ikerketa- azterketa honen azken helburua etorkizunerako ildoak zehaztea izango da.

Ikerketan errealitate horretan bertan bizi diren herritarrak eta komunitate antolatuak parte hartzen dute, beraiek prozesuaren protagonista bihurtuz. Ikerketa bera eraikuntza kolektibo bat dela esan dezakegu, gizartearen eta gizarteko ikuspegi eta alderdi ezberdinak txertatzeak ematen dion aniztasun eta osotasunarekin. Izan ere, diagnostikoek parte-hartzaileak behar dute izan, modu honetan partaide eta eragile ezberdinen artean errealitatearen ikuspegia elkar trukatzen eta elkar ulertzen dugulako.

  • ANIZTASUN FUNTZIONALA TREBAKUNTZA
  • ANIZTASUN FUNTZIONALA SENTSIBILIZAZIO SAIOAK
  • ANIZTASUN FUNTZIONALA AHOLKULARITZA
  • ANIZTASUN FUNTZIONALA ETA SEXUALITATEA
  • INKLUSIOAREN KOMUNIKAZIO ESTRATEGIAK: ZEINU HIZKUNTZA, IRAKURKETA ERRAZA
  • UNITATE DIDAKTIKOEN SORRERA